GARGARA bikote berria da, IbonRG eta Miguel A. García (aka Xedh) euskal sonoesperimentatzaileek osatua. Biek ala biek ibilbide luze eta anitza dute hainbat proiektutan.

Inprobisazioa dute musika egiteko modu. Eta beren tresnak honako hauek dira: Ibonek bere ahotsaren aukerak arakatzen ditu: gurgur, gorgor, marmar, zurrumurru, garrasi, errezitatze dadaita, fonismo ulertezinak; Miguelek Casiotone manipulatu bat erabiltzen du, eta horren soinua deskribatzeko musika elektroakustikoa, 80etako teklatu horterak, elizako organoa edota Lucio Fulciren soinu banda ekartzen ditu gogora.

Nahasketa horren emaitza musika bitxia da, sailkaezina eta aldi berean gozagarria, eta bertan uztartzen dira tentsiozko atmosferak, surrealismo absurdua, gizaki primitiboen musika, Adult Only Noise eta R serieko zientzia fikzioa.

Ibon Rodríguez García

www.ibonrg.net

Ibon Rodríguez García, Sestaokoa, musikari multiinstrumentista da (gitarra, pianoa, bandoneoia, tronpeta, alboka, txistua...) eta bere ibilbidean hainbat taldetan aritu eta aritzen da, punketik edota popetik (Eten, Xabier Montoia, Manett, Le Noise edo BorBor) inprobisazio askera doazenak (IbonRG, Plu de Mekanisms edo Saliva). Azken alderdi horretan ahotsa erabili ohi du, eta horretaz baliatzen da adierazpen propioa bilatu eta arakatzeko.


+info:www.ibonrg.net

Miguel A. García

www.xedh.org

Miguel A. García (aka Xedh), Gasteizkoa, estatu mailako soinu-artistarik ipurterreenetako bat da. Arte Ederretako formazioa du eta bere lanak instalazioa, konposizioa eta inprobisazio elektroakustikoa ditu oinarri. Material gisa gailu elektriko eta elektronikoetako hondarretatik lortutako sonoritateak darabiltza, sarritan landa grabaketekin zein tresna akustikoekin uztartuta, esperientzia intimo, inmertsibo eta intentsoak sortu nahian. Bakarka zein taldeka, hainbat herrialdetako jaialdi eta ziklotan parte hartu izan du, Alemania, Bélgica, EEUU, España, Francia, Holanda, México, Noruega, Polonia, Portugal eta Rusiako museo, galeria eta auditorioetan. Munudu osoko zigilutan argitaratu ohi du bere musika. aldi berean, Zarata Fest zuzentzen du, bai Madrilen, bai Bilbon, eta emanaldiak antolatzen ditu musika esperimentalari eskainitako lekuetan, esaterako Club Le Larraskito (klubaren sortzailea da) edo Azkuna Zentroa..


+info:www.xedh.org

Gargara en local. Gijón 14/07/2016.